EKEk Ertzaintzak Argiako kide bati emandako tratua gaitzesten du

Apirilaren 19an, ostirala, Donostian izandako kontzentrazio batean, Ertzaintzako hainbat kidek Lander Arbelaitz Argiako kazetariaren kontra egin zuten honek bere burua kazetari moduan identifikatu arren. Argitalpenak helarazitako bideoan ikus daitekeenez, agenteek lurrera botatzen dute eta, nahiz eta kazetaria dela oihukatzen duen, kolpeka eta bultzadaka eramaten dute beste komunikabideetako kideak zeuden musika kiosko bateraino.

EKEk, lehen-lehenik, erasoak jasan dituen kideari bere elkartasuna erakutsi nahi dio; eta, bigarrenik, bere sumintzea eta kezka adierazi nahi du euskal poliziak izandako jokabideagatik, kazetariak bere akreditazioa erakusten baitu, eta begi-bistan dago, grabatzen ari den tramankuluarekin batera.

Prentsa profesionalentzako gune bat mugatzearen erabakiari dagokionez, EKEk gogoratzen du, bai Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eta baita gizarteari orokorrean, honelako erabaki bat soilik justifikatuta dagoela kazetariek poliziaren lana ez eragozteko edota beraien burua arriskuan ez jartzeko. Baldintza hauek nekez ematen dira kontzentrazio baketsuetan.

Ez da lekuko deserosorik saihestu behar kamarak eta erreportariak poliziaren parte-hartze tokietatik urrunduz. Gizarte demokratiko batean, kazetariek askatasun osoz mugitzeko eskubidea izan behar dute herritartasunaren informazioren eskubidea bermatu ahal izateko.

 

Euskal Herrian, 2013ko apirilaren 22an.

 

EKE Euskal Herriko erakunde profesionalik garrantzitsuena da eta Espainiako Kazietarien Elkarteen Federazioan (FAPE) barneratuta dago. Federazio honek kazetariak identifikatzen dituzten txalekoak ditu, hauen helburua, honelako ekintzak ekiditea delarik.

 

 

 

About urdanet